Elurra sutan

ELURRA SUTAN

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Juan Kruz Igerabide

© Azal eta diseinuarena: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-088-1

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-167-3

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-166-6

Legezko Gordailua: S.S. 1292/09

JUAN KRUZ IGERABIDE

ELURRA SUTAN

E L E B E R R I A

A L B E R D A N I A

Nork daki bizitza hau, esna gaudela sinetsirik, ez ote den beste amets bat?

Pascal, Gogoetak

Hauxe da, huraxe da.

On dagiena on da,

gaitz dagiena gaizto.

Ekintza onak dakar on izatea;

ekintza gaiztoak gaizto izatea.

Egiatan, gurariz osatua da pertsona.

Zer gura, hura xede

zer xede, hari ekin.

Zeri ekin, huraxe bereganatu.

(…) Zale dena, ekintzari atxikirik dabil.

(…) Ezjakintasuna gurtzen dutenak

iluntasun itsugarrian barneratzen dira.

Are iluntasun sakonagoan galtzen dira, antza,

jakintza atsegin dutenak.

Brhadaranyaka Upanishad

Esna gaudela sinetsirik

Pentsamendu magiko-mitikoa gorputzean kiribildurik bizi da, lozorroan; bat-batean esnatu eta luzatzen has daiteke, suge bat bezala.

1

Argi bat ikusi genuen muinoaren bestaldean, egun-abarreko zeruaren ertzean izar bat agertu balitz bezala; nire arreba Mirentxuri eta bioi seinale bat iruditu zitzaigun, eta harantz abiatu ginen, ahuntzak larrean utzita. Bidezidor labaingarri batean gora egin genuen belaze ezko eta soro goldatuak zeharkatu eta gero, bizkarretik Lixar txakurra saihetsetara begira bide-babesle genuela, arriskuren bat oharkabean etor ez zekigun atzetik.

Jo genuen muino bat, eta gero beste bat, eta, hirugarrenaren bestaldean, leize-zulo bat bistaratu zitzaigun, eta hara non ikusten dugun gizon zahar bat, arras makurtua, guganantz besoak jasota, erdi biluzik, zirtzil tarratadunak erdi erorian zituela, zoriak eskutik utzia, ihesi baletor bezala. Lixar gure aurrean jarri zen, erasorako prest, baina Mirentxuk lepotik heldu eta lasaiarazi egin zuen.

–Atzera, umeok! Ez sartu leize-zulo horretara! Atzera! Gauza beldurgarriak gertatzen dira hor, ez segitu aurrera!

Guk, ordea, argiaren seinalea ikusia genuen, eta hark adierazitako lekura iritsi behar genuen.

Gizona gure parera heldu zelarik, lurrean eseri zen, akiturik. Ura eskaini genion. Mirentxuk esku-otarretxoan zekarren botilatik edan, eta hizketan hasi zitzaigun.

–Honezkero gure etxean hiletak ere egin dituzte nire alde. Bada hamar urte etxetik irten nintzela, Zegamatik Arantzazura erromes. Lainopean galdu, eta denbora luzez nora ezean ibili ondoren, leize horixe topatu nuen. Sartu banintzen sartu nintzen: hamar urte egin ditut beste mundu batean. Zertan ote dira nire emaztea eta seme-alabak? Esadazue, haurrok: zein parajetan nago?

–Araotz inguruan, jauna –erantzun genion arrebak eta biok, eta hatza luzatuz–: Hantxe duzu Arantzazu.

Gizonak, abiatu aurretik, botilako ura azken tantaraino hustu, atseden pixka bat hartu, eta kontatu zigun:

–Leize-zuloan sartu nintzen, bada, atseden pixka bat hartzera, lainoa jaso arte han itxaroteko asmoz. Ilunpe hartan, ez zen askorik ikusten; begiak ohitu zitzaizkidanean, haatik, leizearen barrualdera begiratu, eta harri eta zur geratu nintzen; horra non ikusten dudan emakume eder bat, soineko zuriz jantzia, elurraren pare, niri irribarrez begira. Hasieran, pentsatu nuen Ama Birjina agertua ote zitzaidan, Errodrigotxori elorri gainean bezala, eta belaunikaturik otoitzean hasi nintzaion. Emakume hura, ordea, ez zait ba algara batean lehertu! Gero, jan-edana atera poltsa batetik, eta inoiz jan eta edan ditudan jakirik gozoenak dastarazi zizkidan; ondoren, umeok jakin behar ez duzuen zerbait eskaini zidan, eta, behin eta berriz atseginez nekatu baininduen hartan, lo geratu nintzen azkenean, berak maindire leun bat gaineratuta.

»Esnatu nintzenean, ez nuen ezagutzen paraje hura:

»–Nora ekarri naun? Nor haiz?

»–Neure lurrera ekarri haut; ez al zaik ederra iruditzen?

»Lurralde hura elurrez estalia zegoen, baina harrigarriki epelak ziren malutak, eta nonahi loreak eta ale gorriz beteriko zuhaitzak ageri ziren.

»–Ez diat izenik –jarraitu zuen emakumeak–, edo izen guztiak dituk nire izen.

»Oso ederra zen lekua, txit atsegina, janari gozo bigunak ageri ziren han eta hemen, eta emakumeak niri irrikaz begiratu besterik ez zuen emeak harrari pizten dion irritsa sortzeko nire erraietan, umeok horretaz oraindik ezer ez dakizue baina.

»Hala ere, nik neure familiagana itzuli nahi, eta halaxe adierazi nion, etxera nahi nuela. Orduan, berak kontatu zidanak ileak laztu zizkidan, eta ordura arteko atsegin guztiak izu-laborri bihurtu; adierazi zidan beste gizon batek ere horixe bera egin nahi izan zuela, ihesi abiatu, eta berak sator bihurtu, hala bizi zedin bere denboran, lur azpitik irten gaberik, itsu. Eta beste bat ziraun bihurtu zuen, lurrean arrastaka ibil zedin, hura ere itsu. Alabaina, berarekin gizon portatzen zirenak, haietaz nahikoa gozatu eta gero, askatu egiten zituen, eta uso bihurtu, edo aztore, edo kuku, izaeraren arabera, libre eta alai aireratu zitezen.

»Neure burua galdurik ikusi nuen; onenean ere, birigarro edo txantxangorri itxuran askatuko ninduen. Eta madarikatu nuen leize hartara sartu nintzen ordua.

»Izengabeak, eskutik heldurik, aterpe batera eraman ninduen. Aterpe hartan kateaturik zeukan azken maitalea.

»–Hara. Iritsi zaik alde egiteko ordua –esan zion emakume izengabeak–. Badakik zer gertatzen zaien nitaz aspertu edo beldurtu eta ihesi abiatzen direnei? Zer bihurtu nahi duk? Satitsu edo?

»Haizerik bortitzenak ere egingo ez lukeen moduan, gizon hura indar batek altxatu zuen lurretik, airean jirabiraka, katea tenkaturik, eskumuturrak eta orkatilak eten beharrean, garrasi bizian.

»Pertsonen larritasuna modu bitxian kanporatzen da batzuetan; hala, neu ere garrasika eta espantuka hasi beharrean, ez naiz ba barre-karkaraka hasi, ezin gelditurik, sabela lehertzeko zorian! Izengabeari, inondik ere, biziki gustatu zitzaion nire joera hura, eta gizon dohakabeari behera erortzen utzi zion, zaku bat gurditik askatzen denean bezala; gero, esku batez ahoa zabalarazi, beste eskua kaskezur barruraino sartu eta garun pusketa bat atera zion.

»–Satitsu izateko, ez duk gehiago behar.

»Hurrena, bere horietatik heldurik, bi barrabilak eta zakila erauzi zizkion, airera bota, eta kakalardo bihurtu ziren hiru atal haiek, gizonaren garrasietatik hegan ihesi.

»–Horiek ere ez dituk behar, emea izango haiz eta.

»Zenbat eta larriago, orduan eta algara gehiago egiten nuen, eutsi ezinik.

»–Orain Medea izena diat, gizon! Deitu iezadak Medea.

»Eta nik, Medea!, eta segi algaraka, izuaren izuz, izerdi hotza zeridala. Medea, orduan, gizon etzanaren aurpegiaren parean pikotxean jarri zen, eta pixa egin zion gainera, zarra-zarra. Une hartan, gizon hura satitsu bilakatu zen, eta txi eta txi aldendu. Nik, gutxienez, beste ordubete iraun nuen algara batean; izengabea ere kutsaturik, barre eta barre hasi zen, eta halako moduan berotu zen, non gizonek eta emakumeek egin ohi duten jolasari ekin baitzion gogotik nirekin, eta nik ezin isildu algara, eta bera, berriz, ero moduan jo eta su. Ondoren, biok nahikoa jolas eta algara egin eta gero, lo geratu ginen, berak belarrira hitz goxoak xuxurlatzen zizkidalarik:

»–Dei iezadak Kalipso, ninfa ezti gozoa nauk-eta orain. Ez, dei iezadak Selene, ilargizko eta elurrezko musu epelez lokartuko haut eta.

»Esnatu nintzenean, janari gozoz inguraturik nengoen, eta edari hordigarrien lurrunak azkura eragiten zidan sudurrean. Eztiro mintzatu zitzaidan atsoa:

»–Aspaldian ez nian hainbeste gozatu. Hamar gizon batera baino atseginagoa haiz, horratik! Jan eta edan ezak, maite, nik gobernatuko haut-eta errege baten pare.

»Eguzkiak eguna marraztu, gauak eguzkia bera ere ezabatu, atsegin gozoz inguraturik pasatu ziren egunak, asteak eta hilabeteak, eta orobat urteak, jan-edanean, maite-atseginetan eta elur epelaren gaineko jolas eta ibilaldi kitzikagarrietan, hainbesteraino, non aurreko bizimodua, familia eta herria zeharo ahazteko zorian bainintzen, linbora sartua banindute bezala. Dena dela, gauza bati behintzat eusten nion irmo: egunak zenbatzen nituen, eta asteak, eta hilabeteak eta urteak, zehatz-mehatz, eta horrek inoizka zerbait pizten zidan barruan, oroitzapen-zantzuren bat, eta larritasunak hartzen ninduen; halakoetan, laster konturatzen zen atsoa, eta segituan uxatzen zituen nire kezkak:

»–Hator, maite; dei iezadak Mari; atsegin berri bat probaraziko diat.

»Eta ematen zidan landare berezi baten zukua eta Mari desberdinekin maite-jolasetan nenbilela sentiarazten zidan, eta gozamenaren gozamenez urtzeko zorian uzten ninduen. Horrek nire begiak goizeko eguzkia bezala esnatzen zituen, inguruko gauza guztiei eta bakoitzari liluraz begira, eta iruditzen zitzaidan harriak hizketan ari zirela, eta landareak kantuan, eta animaliak ipuinak kontatzen; ez dakizue zer den hori, ez dago jakiterik zer den hori, harik eta sentitzen den arte. Gero, ilunabarreko eguzkia bezala itzaltzen zitzaidan gogoa, eta mendeetako lo sakonean murgiltzera nindoala iruditzen zitzaidan.

»Atseginaren atseginean, hala ere, nire barruko zerbaitek ez zuen han egon nahi; emakume izengabeari, ordea, ezin adierazi halakorik, modu txarrean amaitu nahi ez banuen behintzat.

»Inoizka, zirudienez, emakume izengabeari besteetan ez bezalako atsegina ematen nion, eta, halakoetan, arropak lau haizeetara zabaldurik, hegan abiatzen zen, aingeru baten pare. Nik ondo nekien, baina, zein partetakoa zen haren aingerutasuna. Airean zihoala, arranoaren maiestatea zuen, begiak mehatxuka, mokoa erne. Hara eta hona ibili eta gero, mokoan mahats-mulko gorri eta berdeak ekartzen zizkidan, inoiz jan ditudan gozoenak, eta “ene bihotza, ene bihotza” errepikatzen zidan behin eta berriz. Nik beldurra eta gozamena biak batera sentitzen nituen: inon baino hobeto nengoen han, eta aldi berean ihes egin nahi nuen; baina nora eta nola ihes egin handik?

»Arren diotsuet, ez zaitezte sartu leize horretara; betiko galtzeko zorian egon naizen honek diotsue: ez sartu leize horretara.

»Behin, aingeru-deabru hura hegan aienatu zen batean, suge bat ikusi nuen nireganatzen. Jauzi egin, eta lasterka abiatu nintzen:

»–Hago, gizon, hago! –hasi zitzaidan hizketan sugea, harrigarriro, baina, ordurako, ezerk ez ninduen harritzen–. Laguntzera natorkik.

»Nik, hala ere, urrundik begiratzen nion.

»–Hemendik ihes egiten lagunduko diat; bestela, sorgin hori egunen batean hitaz aspertu, eta badakik zer gertatuko zaian. Nik aterako haut hemendik, hura itzul dadin baino lehen. Hator nire atzetik.

»Ni ez nintzen mugitu ere egin. Susmo txarra hartu nion sugeari, eta badaezpada neure lekuan geratu nintzen, kieto.

»–Hator nirekin, zozoa! Atsoa laster agertuko duk eta.

»–Ondo nagon hemen –erantzun nion.

»–Ondo? Sorgin batekin? Ez al haiz konturatzen bahiturik haukala? Lagundu egin nahi diat; ezagutzen ditiat emakume horren arte gaiztoak, niri neuri ere egin izan zizkidak eta. Gizonen bat sumatzen duen orduko, itsutu egiten duk, eta bereganatu arteko onik ez dik izaten; aldez edo moldez, gizonaren gogoaz jabetzen duk, beregana betiko lotuz, eta, hartaz aspertzen denean, zomorro bihurtzen dik, edo bertan garbitu, ikaragarrikeriarik handienak jasanarazi eta gero. Atso hori ez duk parte onekoa, egidak kasu. Hik azkarra ematen duk, eta, nire laguntzarekin, erraz alde egingo duk hemendik.

»–Maite dinat, eta ez zionat ihes egingo ezerengatik ere –bota nion, irmo, gezurra zen baina.

»Eskerrak hori esan nion, zeren une hartan bertan sugea itxuraldatu egin baitzen, eta atso izengabea agertu aurrez aurre, nigana malkoa zeriola hurbilduz.

»–Inork ez zidak inoiz esan halakorik, maite. Denek, lehenago edo geroago, nigandik ihes egin nahi izaten ditek. Hik bakarrik aitortu duk maite nauala. Horregatik, hirekin nahikoa atsegin hartzen dudanean, bizirik eta gizon joaten utziko diat.

»Eta, hala, harekin maite-atseginetan mendeak iruditu zaidan denbora igarota, inoiz amaituko ez zela uste nuenean, egun batean, nitaz nahikoa zuela eta beste ederrago bat bahitua zuela eta, leizera itzuli ninduen, eta handixe nator orain. Ez zaitezte horra sartu, arren.

Balantzaka urrundu zen gizona, bekokia igurtziz, zorabiaturik balihoa bezala. Haranak irentsi zuen arte, begira egon gintzaizkion.

–Goazen hemendik, Iñigo! –hasi zitzaidan orduan Mirentxu, eskutik heldurik etxerantz tiraka.

Nik, baina, leize aldera nahi, susmatzen bainuen leize hartan zegoela nire bizitzako sekretuaren hari-muturretako bat. Hasieran arrebak indarrez eutsi bazidan ere, gero nire alde jarri, eta arin-arin igo ginen leizeraino.

Leizearen ahora iritsirik, Mirentxu berriro atzera tiraka hasi zitzaidan, Iñigo, goazen etxera, Iñigo, goazen etxera, baina nire erabakitasuna inoiz ez bezalakoa zen, eta erdi arrastaka sarrarazi nuen barrura, estutik tiratuz. Lixar kanpoaldean geratu zen, atezain baten gisan. Ilunaren ilunez, ez genuen ezer ikusten; Mirentxuk gerritik heldu zidan, eta estu-estu bildu zitzaidan, bion gorputza bat bakarra balitz bezala. Begiak ohitzen hasi zitzaizkigunean, ingurura begira jardun genuen, eta, han inolako atsorik agertzen ez zela ikusirik, zokorik zoko ibili ginen, txulomiatzen, gero eta lasaiago.

–Atsoa, non hago! –egin nuen oihu, harroturik, azken beldur izpiak uxatuta.

Zulo hartan inor ez zegoela eta, Mirentxu ere harrotu egin zen.

–Atsoa, non hago! Baldin bahaiz!

Eta, ezer ez; eta gu biok, jauzika eta piririka, begira Iñigo, ezetz egin honelakorik, ikusi Mirentxu, ezetz hik honelakorik.

Nondik edo handik, ur tanten oihartzuna iristen zen, etengabeko itogin ezkutu batena, eta bila hasi ginen.

–Egarri nauk, Iñigo –esana baitzidan Mirentxuk.

Esku-barruak gora begira jarrita, tanten soinua zetorren aldera jo genuen, alderik ilunenera, eta, halako batean, eskuan ploxt erori zitzaigun tanta, eta ploxt berriro. Mirentxuk ahoa itoginaren azpian jarri, eta tantaka-tantaka bete zuen; gero, nik egin nuen gauza bera, eta halaxe aritu ginen txandaka. Hotza zegoen ura, eta hortzetan min pixka bat egiten zigun, baina, ahobete biltzerako zerbait girotua zegoenez, ederki sartzen zen zintzurrean behera.

–Bai ur gozoa, Iñigo!

Benetan gozoa eta freskagarria zen, bai.

–Ederki egoten dun hemen, Mirentxu.

Halaxe zen, baina baserrira itzultzeko ordua ere bazen, ahuntzak larrean utziak baikenituen eta etxekoak kezkatzen hasiko baitziren laster. Hala, bada, irteerarantz abiatu ginen. Harantz jo ahala, ordea, urrundu egin zitzaigun irteera, guk bi pauso eman eta irteerak hamar egingo balitu bezala, gero eta urrunago.

–Zer ari da gertatzen? –izutu zen Mirentxu.

–Egin dezagun atzera.

Atzera jo, eta irteera gero eta hurbilago geneukan, harik eta ondo-ondoan ikusi genuen arte, baina aski genuen irteten saiatzea berriro urrunarazteko.

–Hau sorginaren lana duk, Iñigo.

–Bai, noski! Zer uste zenuten ba? –entzun genuen ahots ozen bat gure bizkarrean.

Atzera begiratu, eta inor ez ordea. Halako batean, ez dakit zergatik, gora jaso nituen begiak, eta arrebari besotik heldu nion, dardarka. Sabaian, guri begira-begira, atso bat zegoen, besoak zabalik, hankak zabalik, hegazti geldi bat bezala, jantziak askaturik, bere biluztasun osoa agerian zuela, titi batetik tanta-jario. Hara gure ur freskoaren iturria. Sabela bihurritu zitzaidan.

–Zer uste zenuten ba? Ea, galdetu berriro “atsoa, non zaude?”. Hementxe nengoen hasieratik, zozo-bikote.

Mirentxuk negarrari eman zion, erreguka:

–Utzi joaten, etxera itzuli behar dugu.

–Jakina; utziko dizuet joaten, noski. Nik ez dut ezertarako behar zuek bezalako mukizurik; nik gizon mardulak behar ditut, bizardunak eta makila gogorrekoak.

Irteerarantz abiatu ginen orduan biok, baina irteera urrundu egin zen berriro. Atsoaren karkara entzun genuen.

–Ez izan presarik. Joango zarete aitatxo eta amatxorekin, baina aurrena lan bat bete behar didazue.

Hori esanik, sabaitik behera gorputz bat erori zen, zanba; zerri bat.

–Ikusten zerri hori? Gau osoan zaindu behar duzue. Bihar goizean itzultzen naizenean, otarre bete odolki, saiheski eta lukainka eramango duzue etxera. Hori, zerria oso-osorik baldin badago. Zatiren bat falta bazaio, ordea, nirekin geratu beharko duzue, morroi eta neskame, nik nahi beste denboran, eta, gainera, zerriari falta zaion zatia moztuko dizuet gorputzetik. Entzun? Adi egon beharko duzue, hemen piztia eta zomorro asko ibiltzen da-eta; haiek ere nahiko dute zerriaren zatiren bat.

Hori esanik, aienatu egin zen, gu hantxe zerrizain utzita. Mirentxuk negar egin zuen saminki; puska batean hala jardun ondoren, leher eginda, lo hartu zuen; nik esna jarraitu nuen eta, logale handiak eman zidanean, bera esnatu nuen; horrela, txandaka zaindu genuen zerri hila. Elkarri esaten genion begiei zabal-zabalik eusteko, begirada zerritik une batez ere aldendu gabe, atseden hartzeko ere zeharretara begiratu gabe, ezein zomorroren aztarrenik txikiena ere sumatzen ote genuen adi, noizbehinka begiak igurtziz, esna baino esnago irautearren.

Igaro zen ilunabarra, eta pentsatzen nuen zeinen samindurik egongo ziren ordurako gurasoak; sartu zuen gau betea eta, hurrena, lurreko zatirik ñimiñoena ere lo sakonean murgiltzen den ordua, eta pentsatzen nuen orobat nola ibiliko ziren aitona eta amona ere, kriseiluak hartuta gure bila.

Guk ere kriseilu bat geneukan, atsoak utzia; gauaren sakonak arintzera egiten duen horretan, goiza ere hor nonbait datorrela adieraziz bezala, begiak igurtzi eta igurtzi ari nintzela, hor ikusi ditut arratoi bat eta erbinude bat zerriaren ondoan. Heldu diot besotik Mirentxuri, eta esnatu dut.

–Hik arratoiari, nik erbinudeari! –esan diot.

Zutitu, eta hasi gatzaizkie biok ostikoka. Arratoia eta erbinudea ihesi abiatu dira lehen erasoan, baina hor datozkigu berriro, eta gu ostikoka eta haiek atzeraka, baina gero eta gertuago, eta azkenean aurre egiten digute.

–Alde! Alde! –guk biok, garrasika.

Guk ostikoa botatzean, haiek izkintxo egiten digute; eta haiek hozka egiteko keinua egiten digutenean, guk atzera. Hala gabiltza denbora batean. Mirentxu eta biok izerdi patsetan eta arnasestuka gaude. Orduan, barru-barrutik atera zaidan irrintzi batez, berebiziko orroa eta erasoa jo ditut, eta orain bai, hor doaz arrapaladan ihesi bi piztia horiek.

Jiratu gara zerriarengana, eta, hori garrasia biona, ikusi dugularik azkonar nazkagarri bat aldentzen, zerriaren belarri bat ahoan duela.

Hasierako lantuari tristura sakona abaildu zitzaion, eta han egonik ez geunden han, hainbesterainokoa baitzen nagusitu zitzaigun etsipena, leizearen gaineko mendi osoa gainera erori balitzaigu bezala.

Tristuraren tristurak lozorrora eraman gintuen biok, harik eta egunsentian txorien txintak esnatu gintuen arte, estu eta larri.

–Zer egingo dugu orain, Iñigo? Galduak gara!

Dardarka hasi ginen biok, bakoitza bere belarriak igurtziz. Zerriari begiratu geniolarik, laborriaren laborriz konturatu ginen beste belarria ere falta zitzaiola. Goitik behera aztertu genuen; gainerako atalak osorik zeuzkan behintzat. Orduan, Mirentxuk besoa astindu zidan.

–Hator, Iñigo!

Ur tantak eroriak ziren aldera eraman ninduen eskutik tiraka. Ez zen entzuten jada jariorik, baina lurra bustirik zegoen. Arreba lurreko buztina biltzen hasi zen.

–Hartu buztina, Iñigo.

Behar adina bildu genuelarik, zerriarengana itzuli, eta buztinezko belarriak ipini genizkion. Lana amaitu ondoren, zerriaren ondoan makurtuta, zain geratu ginen.

–Hara, hara, hara, gure txikiak! –agertu zitzaigun ez nondik eta ez handik atsoa.

Zerria goitik behera aztertu zuen:

–Osorik dago; ondo bete duzue lana.

–Etxera joan nahi dut –kexatu zen Mirentxu.

–Jakina, polita, jakina. Laster joango zarete. Baina ez al duzue ezagutu nahi Elurraren Herrialdea, ni bizi naizen paradisua? Zatozte nirekin egun batzuetarako; ez zaizue damutuko.

–Etxera joan nahi dut –errepikatu zuen Mirentxuk–. Gurasoak kezkatuta egongo dira.

–Noski, polit hori, noski. Tira, joan zaitezkete.

Abiatu ginen, bada, leizearen ahora, eta oraingoan hura ez zen urrundu. Pozarren begiratu nion Mirentxuri, eta ez dut ba musker bihurturik ikusi! Eta begiratu diot neure gorputzari, eta berde luzexka daukat neuk ere.

–Zer da hau? Zer egin diguzu?

–Aldaketa txiki bat, umeok, zuek txerriaren belarriei bezala. Bataz beste, kito.

–Lehengo gorputza nahi dugu! –egin genion oihu, haserre.

–Nola ez ba, polit horiek. Baina, aldez aurretik, nire lurraldea erakutsiko dizuet.

Ezer gehiagorik erantsi gabe, bioi isatsetik heldu, eta poltsikoan sartu gintuen. Hurrena atera gintuenean, elurrez estalitako herrialde epelean geunden. Mirentxuk eta biok elkarri begiratu genion, liluraturik; leku zoragarri hark ia erabat ahantzarazten zigun familia, baina barruan, hantxe gordeta, kezka txiki batek bizirik zirauen, tristura txiki batek.

–Ikusten zein zoragarria den? –esan zigun sorginak, gu biok poltsikotik atera eta lurrean utzirik–. Eta beste gauza bat ere adieraziko dizuet, iragarpen bat: zuek biok elurrarenak zarete, eta elurraren izenean bat izango zarete, gizon eta emakume gisa elkar hartzeko bezain handi egiten zaretenean. Ez ahaztu orain entzundako iragarpena: elurrarenak zarete, eta, elurraren izenean, elkarrenak, betiko.

Arrano bihurtu zen gure aurrean, eta, gu bere hegaletara jasota, bidaia luze bat eginarazi zigun lurralde hartan barrena.

–Elurrarenak zarete –errepikatzen zigun–. Begira elurraren lurraldeari, ikus ñabardura guztiak, beti zuen gogoan eraman behar dituzue eta.

Lurralde hark amaigabea zirudien, eta iruditu zitzaigun urteak eta urteak iraun behar zuela bidaiak. Ikusi genituen muinoak, ikusi genituen haranak, begiratu genion zeruari… izarren arteko bideak seinalatzen zizkigun atsoak, konstelazio guztiak, galaxiak, planeten arteko adiskidetasunak eta ezinikusiak, zeruari eta lurrari buruzko jakinduria eman zigun, eta emeki tratatu gintuen; aldi berean, baina, berebiziko ankerkeriak egiten ikusi genuen: harro eta oldarkor portatzeagatik lehoi bihurtua zuen bati harrizko orein bat ipini zion aurrez aurre; lehoiak amorruz egin zion eraso oreinari, hortz guztiak kraskatu arte; oreinak, ordainetan, harrizko adarrak sartu zizkion sabelean, koskabiloak hortzekin moztu, ahoan ipini, sai talde bati deitu, eta haiek sarraskitu zuten lehoia, artean ere azkenetan zegoela, hezur zuritan utzi arte. Baina ez zen hartan amaitu kontua: orein harri-bihurtua, gogor eta zurrun portatua baitzen lehoiarekin, itsaso zuri baten ertzeko harkaitz bati itsatsita geratu zen, uhinek pixkana-pixkana gorputza marruskatzen ziotela.

Bidaia amaitu zenean, arren eta emeen jokoa erakutsi nahi izan zigun atsoak, elkargainka jarrita, lehendik ere baserrian halakorik ikusiko genuela eta, berdin jokatzeko esanez. Nik ez nuen nahi, Mirentxuk ez zuen nahi, baina atsoak belar bitxi bana sartu zigun ahoan, arren eta emeen arteko grina pizteko, eta elkargainka hasi ginen biok. Atsoa, guri begira, bero-bero jarri zen; arropa guztiak airera bota, lurrean hanka-zabalik etzan, eta aluko ezpainak igurtzi eta igurtzi hasi zen, aurrena hatzekin, gero harriekin, hasieran leunekin, gero zakarragoekin, azkenik ertzak zituzten harriekin, bere zulo handian sartu eta atera, odola zeriola, intzirika, aluaren gorenean hatz potoloa adinako tontorra agertu zitzaion arte; hura igurzten zuen hurrena, gero harriaz jotzen zion, lurretik jauzi beldurgarriak eginez, lehoiaren moduko orroak ateraz. Nahikoa egin zuenean, lurrean ahuspez etzanda gelditu zen, berebiziko ipurdi zuri-zuriak elur malutez estalirik; berehala hartu zuen lo, zurrunga beldurgarriak eginez.

Arreba eta biok negarrez aldendu ginen bata bestearengandik, lotsa ematen zigun-eta elkarri begiratzeak. Mirentxu, orduan, ihesi abiatu zen.

–Ez alde egin, Mirentxu! Ez alde egin! Irtetea lortuta ere, nola agertuko gara ba etxean musker-gorputz hauekin?

Baina ez zidan entzuten. Orduan, atsoaren belarrira igo nintzen, eta oihu egin nion esnarazteko; hark, ordea, are zurrunga handiagoak egiten zituen.

Hala, bada, arrebaren atzetik abiatu nintzen.

–Itxaron, Mirentxu, itxaron!

Kostata, baina harrapatu nuen.

–Elkarrekin ihes egingo dinagu. Gertatzen dena gertatzen dela ere, hire ondoan izango naun.

Berak ez zidan begiratzen, nik ez nion begiratzen; haatik, batak bestearen ondoan jarraitu genuen aurrera eta aurrera. Denbora luzez ibili ginen, joan eta joan, elkarri ezer esan gabe, harik eta arrano baten orroa entzun genuen arte. Bizkor-bizkor ezkutatu ginen harri batzuen azpian. Handik pixka batera, atsoa ikusi genuen airean zerua zeharkatzen. Denbora batez bertantxe geratu ginen, ezkutalekutik irtetera ausartu gabe, eta halako batean berriro arranoaren garrasia entzun genuen. Gu ezkutatuta geunden lekutik ez oso urrun lurreratu zen, atzaparretan gizon bana zekarrela. Biak lurrera bota, berriro emakume itxura hartu, eta biei gainera abaildu zitzaien, di-da arropa kentzera. Zakiletatik helduta biei, ero moduan astintzen zizkien, biekin batera maite-jolasean, batak aurretik eta besteak atzetik sartzen ziotela. Gero, elkarri emanka jarri zituen, borrokan ari balira bezala, noizbehinka bien artera sartuz, eta bazirudien jolas hura inoiz ez zela amaituko. Mirentxuk negar egiten zuen, izuturik; niri, berriz, zotina eragiten zidan beldurrak.

Jolasa amaitu zutenean, bi gizonak etzanda geratu ziren, hilik bezala. Atsoa, zutik jarrita, bularrak eta ipurdia gantzez igurzten aritu zen. Guk uste genuen ez zekiela non geunden, baina hark dena zekien, inondik ere.

–Haurrok! Joan zaitezkete! Badut norekin jolastu! Ospa! Hauek ez dira-eta txikiek ikusteko jolasak!

Ziztu bizian irten ginen harri azpitik, eta handik puska batera ere lasterka jarraitzen genuen, hankak sentitu ere egiten ez genituela, sabela erabat urraturik, baina gu beti aurrera, harik eta zorabiaturik eta erdi itsuturik atseden hartzera gelditu ginen arte. Elkarri beroa emateko gorputzak kontra-kontra jarrita, lo hartu genuen, harri baten zokoan. Ez dakit zenbat denbora egingo genuen lotan, luze inondik ere; esnatu ginenean, mugitzen hasi eta elkarri begiratu geniolarik, bihotzak jauzi egin zigun bularrean; biluzik geunden, giza gorputzak genituen berriz ere; leize-zuloaren bazter batean, sarrerako argiak doi-doi erakusten zuen gure biluztasuna. Alboan genituen arropak jantzirik, leizetik irten ginen. Lixar intzirika hurbildu zitzaigun, dardara batean, izugarrikeria bat ikusia balu bezala.

Zu eta ni, eta elurra

2

Behe-lainoa une batez sareturik, horra hor Petrechema, burgoi; begiraiozu, Sara, ene Sara.

Berriro, laino itxia.

Zu eta ni, eta elurra; beste inor ez.

Bare dago elurra, piztia zauritu berria erliebean mimetizatzen denean bezala. Zuritasun epela. Aire izoztua.

Zelatan, bakardade mugagabea.