Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu
batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean: oraiñ escuca, edo queñada
batean, guero musu edo laztanetan:
oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero
dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

J.B. Agirre

Jatorrizko izenburua: The Tattooist of Auschwitz, Bonnier Books uk, London, argitaratzailearen Zaffre zigiluak argitaratu zuen lehen aldiz ingelesez.

Egilearen eskubide moralak erresalbatu dira.

 

1. argitaraldia: 2019ko maiatza.

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

 

© 2018, Heather Morris

© Europako maparena (283. or.): Nicolette Caven

© Birkenau-Auschwitz iiko planoarena (285. or.): A.R. Design

© Itzulpenarena: 2019, Miel Anjel Elustondo

© Argitaraldi honena: 2019, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: 943 63 28 14

alberdania@alberdania.net

www.alberdania.net

Azala: Junkal Motxailek diseinatua, Erica Maguglianiren (Unsplash) argazki bat erabilita.

Inprimatzailea: Alzate (Espartza Zaraitzu, Nafarroa)

ISBN: 9788498685190

Legezko gordailua: SS. 521/2019

 

Auschwitzeko tatuatzailea, kontatzen dituen gertaerak izan zirenetik hirurogei urtera baino gehiagotara agertu dena, dokumentu aparta da, eta gogora ekartzen digu historia asko daudela inoiz kontatu gabe geratuko direnak. Gogora ekartzen digu Holokaustoan izan ziren milaka eta milaka biktimetako bakoitza gizaki bat izan zela, historia bakarra zeukana… Historia hau alderdi askotatik da aparta, baita Holokaustoari buruzko kontakizun ezagunenekin konparatuta ere; historia horiek guztiek hunkitzen gaituzte, gertaera lazgarri haien aurrean jartzen gaituzte, inspiratu egiten gaituzte, eta, jakina, giza historiaren gertaerarik izugarrienetako batera leiho bat zabaltzen dute. Heather Morrisek Laleren bizitza kontatzen du, eta duintasunez eta neurritasunez egiten du, bere ahotsa behin ere tartean sartu gabe, maitasun historiak testuinguru zabalagoa ezkuta dezan utzi gabe –gizakiak saldoka leku batetik bestera eramatearena, traumena eta bizirik irauteko ahaleginena–. Kontaketa hau giza jokabidearen muturreko portaerei buruzkoa da, eta bi muturrak batera, ondoz ondo, bizi direla gogorarazten digu: basakeria kalkulatua eta, horrekin batera, maitasun egintza oldartsu eta desinteresatua. Nekez imajinatu dezaket norbait horregatik erakarria, desafiatua eta hunkitua sentitzen ez denik. Mundu guztiari gomendatzen diot liburu hau, inolako erreserbarik gabe, bai Holokaustoari buruzko ehunka historia irakurriak dituztenei, bai bakar bat irakurri ez dutenei ere.

Graeme Simsion, liburu hauen egilea: The Rosie project,

The Rosie effect, The Best of Adam Sharp

eta Two Steps Forward

Historia aparta bizitza bakar eta berezi bati eta bere maitasun handiari buruz. Gizaki batek munduko lekurik eta unerik zorigaiz­tokoenean barrena egindako bidaia islatzen du Heather Morrisek, eta bidai hori borondate puruaren uneek eta irmotasun basatiak definitzen dute, baita zorteak eta kasualitate hutsak ere, eta esperan­tzari eta ilusioari eusteko miraria bizitza luze eta baliotsua bihurtu zela erakusten digu. Viktor Franklen ideia gako batean inspiraturik hitz egiten du bere Lalek: “gizakiaren salbazioa maitasunean eta maitasunaren bitartez bakarrik da posible”.

Ashley Hay, liburu hauen egilea: A Hundred Small Lessons,
The Railwayman´s Wife
eta The Body in the Clouds

 

EGILEAREN OHARRA

Hau fikziozko lan bat da, Auschwitzetik bizirik irten zen gizon batek lehen eskutik kontatutako testigantzan oinarritua; ez da Holokaustoan gertatu ziren basakerien erretratu fidagarri bat. Kontakizun asko daude askoz ere xeheago dokumentatzen dituztenak garai hartan gertatu ziren gorabeherak, nobela batean justifika daitezkeenak baino, eta animatu nahi nituzke horietan interesatuak dauden irakurleak bila ditzaten. Lalek zaintzaile eta preso asko ezagutu zituen Auschwitz-Birkenaun gatibu egon zen garaian, orrialde hauetan agertzen direnak baino askoz ere gehiago; kasu batzuetan pertsonaia batzuk asmatu ditut, hainbat pertsona irudikatu beharrez, eta gertaera batzuk sinplifikatu ere egin ditut. Egia da hemen hainbat topaketa eta elkarrizketa imajinatu egin direla, baina egia da, era berean, nobela honetako gertaerak hemen deskribatzen diren bezalaxe izan zirela neurri handi batean. Nolanahi ere, hemen ematen den informazioa ikertuz lortu da.

Heather Morris

 

Heather Morris Zeelanda Berrian jaio zen, baina gaur egun Australian bizi da. Hainbat urtez, Melbourneko ospitale publiko batean lan egiten zuen bitartean, gidoigintza ikasi zuen eta gidoi batzuk ere idatzi zituen; horietako batek Estatu Batuetako Akademiako Saria irabazi zuen. 2003an, Heatherri adineko gizon bat aurkeztu zioten “kontatzea merezi zuen historia bat izan zezakeena”. Lale Sokolov ezagutu zuen egunean bien bizitzak aldatu ziren. Bien arteko adiskidetasuna handituz joan zen, eta Lalek autoanilisi-bidaia bati ekin zion, Holokaustoan zehar izan zuen bizitzaren xehetasun intimoenak idazle lagunari entregatzeko. Heatherrek gidoi gisa idatzi zuen Laleren historia; gidoi hark leku nabarmena izan zuen nazioarteko lehiaketa batzuetan, baina gero nobela forma eman zion, bere lehenengo nobela: Auschwitzeko tatuatzailea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Lale Sokoloven memoriari.
Eskerrik asko zure historia eta Gitarena
niri kontatzen uzteagatik

 

HITZAURREA

Lale gorantz ez begiratzen saiatu da. Eskua luzatu du, eskaini dioten paper zatia hartzeko. Eman dion neskaren azalean markatu behar ditu han ageri diren lau digituak. Jada zenbaki bat ageri da bertan, baina ezabaturik dago. Neskaren ezker besoan goxo antzean sartu du orratza 4 bat marrazteko. Odola dario. Baina orratza ez da behar bezain sakon sartu eta zenbakia berriz marraztu beharra dauka. Lalek min egin badio ere, neskak ez du zirkinik egin. “Abisaturik daude: ez ezer esan, ez ezer egin”. Lalek odola garbitu eta tinta berdea igurtzi du zaurian.

–Bizkor ibili! –Pepanek, marmarka.

Lale gehiegi luzatzen ari da. Gauza bat da gizonen besoak tatuatzea, baina neska gazteen gorputzak gisa hartara zikindu beharra ikaragarri gogorra egiten zaio. Begirada jaso eta jaka txuria daraman gizonezkoa ikusi du nesken ilararen aurrean, hara eta hona dabilela, poliki. Aldika-aldika gelditu egiten da neska gazte izutuen gorputz-aurpegiak aztertzeko asmoz. Halako batean, Laleren parera heldu da. Lalek ahal duen goxoena eusten dio neskaren besoari. Gizonak, aldiz, neskaren aurpegia eskuan hartu eta batera eta bestera bihurrarazi du zakar. Lalek neskaren begi izutuetara jaso du begirada. Neskaren ezpainak hitz egiteko zorian dira. Lalek gogor estutu dio besoa, geldiarazteko. Neskak Laleri begiratu dionean, mutilak aho keinua egin dio: “Ixxxi”. Jaka txuridun gizonak neskaren aurpegia askatu eta badoa.

–Ondo egin duzu –esan dio Lalek marmarka neskari, eta jarri eta geratzen diren hiru digituak tatuatzeari ekin dio: 5 6 2. Bukatu duenean, behar baino luzaroago eutsi dio neskaren besoari, haren begietara begira atzera. Irribarre txiki bat egiten saiatu da. Neskak irribarre are txikiago bat itzuli dio. Haren begiak, hala ere, dantzan ari dira mutilaren aurrean. Haietara begira, ematen du mutilaren bihotza une batez geratu egin dela eta, gero, lehenbizikoz taupadaka hasi dela berriz, lehertu eta bularretik irteteko mehatxua egingo balu bezala. Lalek zorura begiratu du, eta zorua mugitu egin da haren azpian. Beste paper zati bat hurreratu diote.

–Bizkor, Lale! –marmarka, larri, Pepanek.

Berriz gora begiratu duenean, neska joana da.

 

1

1942, APIRILA

Lalek triki-traka gurutzatu du landa, buruari eta bere izateari tente eutsiz. Hogeita lau urteko mutilak ez du interesik atzean duen gizona, tarteka bere besaburuaren kontra loak hartzen duena, ezagutzeko; Lalek ez du aparte bultzatzen. Askoren arteko bat besterik ez da, ganadu garraiorako pentsatutako bagoietan pilatuta doazen gazteen artean. Nora eraman behar zituzten inork esan ez zienez, Lalek ohiko arropa jantzi zuen: traje lisatua, alkandora txuri garbia eta gorbata. “Denak harritzeko moduan jantzi beti”.

Itxita dagoen lekuaren neurriak kalkulatzen saiatu da. Bagoia bi metro eta erdi zabal da. Baina ezin du bukaera ikusi, luzera neurtzeko. Bidaian berarekin batera doazen gizonak kontatzen ahalegindu da. Alabaina, hainbeste buru oraintxe gora, oraintxe behera, etsi behar izan du. Ez daki zenbat bagoi diren ere. Min du bizkarrean eta hanketan. Azkura du aurpegian. Bizartzarrak gogorarazi dio ez dela bainatu eta ez duela bizarrik egin herenegun trenera sartu zenetik. Iruditzen zaio bera izan zen pertsonagandik gero eta urrutiago dagoela.

Gizonak berarekin hizketan hasten saiatu direnean, animo hi­tzak esanez erantzun du, haien beldurra esperantza bihurtu nahian. “Simaurrez inguratuta gaude, baina ez dugu etsi behar bertan itotzera”. Haren kontrako irainak zabaltzen dira marmarrean, bere itxura eta maneren kontura. Goi mailako izatearen akusazioa. “Begiratu orain non hagoen”. Kasurik ez egiten saiatu da, begiradei irribarrez erantzuten. “Nor engainatzen saiatzen ari naiz? Gainerako guztiak bezain ikaratuta nago”.

Gazte batek Laleri begietara begiratu dio eta berarengana saiatu da gorputz pila artean bultzaka. Zenbait gizonek bultza egiten diote bere bidean. “Zure lekua da, baina zeureganatzen baduzu besterik ez”.

–Nola egon zaitezke horren lasai? –galdetu dio gazteak–. Haiek fusilak zeuzkaten. Sasikumeek fusilekin apuntatu eta hemen sartzera behartu gintuzten… behi tren honetara.

Lalek irribarre egin dio.

–Ez da nik espero nuena, ez.

–Nora goazela uste duzu?

–Ez zaio axola. Gogoratu, hala ere, gure familiak etxean salbu egon daitezen gaude gu hemen.

–Baina, eta baldin ba…

–Ez dago “baldinba”rik. Nik ez dakit, zuk ez dakizu, gure arteko inork ez daki. Egin dezagun esaten digutena.

–Gelditzen garenean haiek mendean hartzen saiatu beharko ote genuke? Haiek baino askoz gehiago gara! –Gaztearen aurpegi zurbila agresibitatez beteta dago. Ukabilak modu patetikoan mugitzen ari da bere aurrean.

–Guk ukabilak ditugu, haiek fusilak… Zer uste duzu, nork irabaziko duela borroka?

Mutil gaztea isildu egin da berriro. Laleren bularrean bermatua du sorbalda, eta mutilaren ilajeko izerdi eta finkatzaile usainak aditzen ditu Lalek. Eskuak erortzen utzi ditu, zintzilik ageri zaizkio alboetara, lasai.

–Aron naiz –esan dio.

–Lale.

Inguruan dauden batzuek bi gazteen elkarrizketa entzun, eta haien aldera jaso dute burua, amets isiletara itzuli baino lehen bere pentsamenduetan sakon murgiltzeko. Izu bera pairatzen dute denek. Eta gaztetasuna. Eta erlijioa. Lale etorkizunari buruzko teoriak ez egiten saiatu da. Esan diotenez, alemanentzako lan egitera daramate, eta horixe egiteko asmoa du. Etxean utzi duen familia du gogoan. “Salbu”. Bere burua sakrifikatu du, ez du damurik. Behin eta berriz eta askotan egingo luke, familia maitea etxean egon dadin, denak batera.

Orduero-edo, jendeak antzeko galderak egiten dizkio. Nekatuta, erantzuten hasi da.

–Egon eta ikusi.

Harrituta dago, zergatik galdetzen dioten berari. Berak ez du ezagutza berezirik. Bai, trajez eta gorbataz jantzita dago, baina horixe da ageriko ezberdintasun bakarra beraren eta gainerakoen artean. “Gu denok ere ontzi zikin berean goaz”.

Bagoi goraino betean ezin dira eseri ere egin, are gutxiago etzan. Bi ontzik komun lana egiten dute. Beteta daudenean, borroka hasten da, kirats hartatik urrundu nahi denok. Ontziak irauli egiten dira, eta hantxe erortzen da barrukoa. Lalek gogor eusten dio bere maletari. Diru eta arropa truke, onik ateratzea espero du, noranahi daramatela ere, edo, gutxienez, lan seguru bat inguratzea. “Beharbada izango da lanen bat nire hizkuntzak hartan baliatzeko modukoa”.

Zorioneko sentitzen da bagoiaren bazter batera heltzeko bidea egin duelako. Ohol arteko zirrikituei esker, igarotzen ari diren landa izpiak ikusten ditu. Aire fresko lapurtuaren ufadek hein batean eusten diote gero eta handiagoa den goragaleari. Udaberria izan behar du, nonbait, baina egunak egunen ondotik, euria eta laino trinkoak dira nagusi. Tartean behin, udaberriko liliez gainezka dauden zelaiak igarotzen dituzte, eta Lalek irribarre egiten dio bere buruari. Loreak. Amari ikasi zion gaztetan emakumeek loreak maite dituztela. Noiz izango ote da neska bati loreak eman ahal izango dizkion hurrengo aldia? Loreei begiratzen die, haien kolore biziak ñirñirka ditu begien aurrean, soro bete mitxoleta, haize gozoaren konpasean dantzan, masa gorrimina. Bere buruari agindu dio hurrena inori loreak ematen dizkionean, berak hartuko dituela bere eskuez. Inoiz ez zuen pentsatu basoko loreak hain ugari hazten direla. Amak bakan batzuk zituen lorategian, baina inoiz ez zituen biltzen eta etxe barrura sartzen. Egitekoen zerrenda osatzen hasi da bere artean, “etxera itzultzen naizenean. . . ”

Beste borroka bat orain. Sesioa. Garrasiak. Lalek ez du ikusten zer gertatzen den, baina gorputzak bihurritzen eta bata besteari bultzaka sentitzen ditu. Gero, isiltasuna. Eta, ilunpetik, hitz batzuk:

–Hil egin duzu.

–Zorioneko sasikumea –baten batek, marmarrean.

“Sasikume gizagaixoa”.

“Nire bizitza ederregia da, ezin du zulo zikin honetan bukatu”.

Hamaika geldialdi dira bidean, batzuek minutuak irauten dute, beste batzuek orduak; herri edo hiri batetik kanpo aldera beti. Behin edo behin, igaro ahala, Lalek geltokien izenak ikusi ditu: Zwardon, Dziedzice, eta, geroxeago, Dankowice. Polonian daudela baieztatzen dio horrek. Erantzunik gabeko galdera: non geldituko dira? Bidaiako denbora gehiena Bratislavako bizimoduari buruzko pentsamenduetan joan zaio Laleri: bere lana, etxea, lagunak… neskak, batik bat.

Trena gelditu egin da berriz. Guztiz ilun dago; lainoek zeharo ezkutatzen dituzte ilargia eta izarrak. Ilunpeak datorkien geroa iragartzen ote du, bada? “Gauzak diren bezalakoak dira. Oraintxe bertan ikus dezakedana, senti, entzun eta usain dezakedana”. Ez du ikusten bera bezalako gizonak besterik, gazteak, bidaian, ezezagunerantz. Sabel hutsen orroak entzuten ditu, eztarri lehorren lakarrak. Txiza, kaka eta luzaro garbitu ez diren gorputzen usainak aditzen ditu. Inork ez baititu batera eta bestera bultzatzen, gizonek atseden hartzeko baliatzen dute egokiera, zoru zati baten aldera inor estutzen eta bultzatzen ibili beharrik gabe. Une horretan, buru bat baino gehiago Laleren gainean dago.

Zarata handia dator, gero eta hurrerago, atzeko bagoi batzuetatik. Nazkatu dira hangoak, eta ihes egiten saiatu behar dute. Gizonen zaratak, beren buruak bagoiko albo-oholen kontra botatzen dituztenean; eta inondik ere kaka-ontziarena den zaratak piztu egin ditu denak. Laster, bagoi guztiak lehertu dira, barrutik erasoka.

–Lagundu, edo alde paretik! –oihuka ari zaio gizonkote bat Laleri, bere burua bagoiko alboaren kontra botata.

–Ez indarrik alferrik galdu –erantzun dio Lalek–, horma hauek txikitu ahal balira, honezkero txikituak izango zituzketen behiek! Ez duzu uste?

Gizonetako askok bertan behera utzi dute saialdia, Laleri haserre begira.

Esan duena hausnartzen ari dira. Trenak aurrera egin du. Beharbada, arduradunek pentsatuko zuten mugimenduak istilua geldiaraziko duela. Baretu dira bagoiak. Lalek begiak itxi ditu.

Lale gurasoen etxera itzuli zen, Krompachyn, Eslovakian, jakinik herri txikietan juduak atxilotzen eta alemanentzako lan egitera eramaten ari zirela. Orduz gero bazekien juduek lan egitea galarazia zutela eta negozioak ere kendu zizkietela. Ia lau astez etxeko lanean laguntzen jardun zuen, gauzak konpontzen aita eta anaiarekin batera, eta ohe berriak egiten iloba txikientzat, jada ez baitziren sehaskan sartzen. Arrebak beste inork ez zuen dirua irabazten, jostun lana eginez. Isilpean egin behar zituen laneko joan-etorriak, egunsentia baino lehen goizetan, ilunabarra eta gero gauetan. Ugazaba arriskatzeko prest zegoen, langile onena baitzuen.

Iluntze batean, ugazabari dendako leihoan jartzeko agindu zioten afixa batekin itzuli zen etxera. Han jartzen zuenez, familia judu bakoitzak hemezortzi urteko edo hortik gorako gazte bat eskaini behar zuen, alemanen gobernuaren alde lan egiteko. Zurrumurruak, beste zenbait herritan gertatu zena kontatzen zuten esamesak, Krompachyra ere heldu ziren azkenean. Bazirudien Eslovakiako gobernuak zeharo etsi zuela Hitlerren aurrean eta nahi zuena ematen ziola. Afixak hizki beltzetan jakinarazten zuenez, baldin familia batek halako gazte bat izan eta alemanei ematen ez bazien, kontzentrazio-esparrura sartuko zuten familia osoa. Maxek, Laleren anaia zaharrenak, baietz esan zuen jakin orduko, joango zela, baina Lalek ezetz. Maxek emaztea eta bi ume txiki zituen. Haren premia zuten etxean.

Lale Krompachyko gobernu lokalarekin harremanetan jarri zen, eta bere burua eskaini zuen eraman zezaten. Kasu egin zioten funtzionarioak bere lagunak izanak ziren; batera ibili ziren eskolan eta elkarren familiak ezagutzen zituzten. Pragara joateko agindu zioten Laleri, eta han, agintari eskudunei jakinarazi ondoren, aginduen zain egoteko.

Bi egun eta gero, ganadu trena gelditu egin da berriz. Oraingoan, ordea, mugimendu handia dago kanpoan. Txakurrak zaunkaka, aginduak oihuka alemanez, sarrail hotsak; bagoietako ateak zarata handiz ireki dituzte.

–Jaitsi trenetik, utzi zuen ondasunak! –builaka soldaduek–. Bizkor, bizkor, arin ibili! Utzi zuen gauzak zoruan!

Bagoiaren barru-barruan zegoenez, irteten azkenetakoa da Lale. Atera hurreratzean, borrokan hil duten gizonaren hilotza ikusi du. Une batez begiak itxi eta otoitz txiki bat egin du hildakoaren alde. Gero, bagoitik irten da, nahiz eta aldean daraman kiratsa; arropetan, azalean, bere izatearen zuntz guztietan sartuta darama. Belaunak tolestuta jaitsi da zorura, hartxintxarretan jarri ditu eskuak, makurtuta egon da momentu batzuetan. Arnasestuka. Nekatuta. Minez egarriaren egarriz. Poliki zutitu da, batera eta bestera begiratu die egoera ulertu nahian ari diren ehunka gizon harrituei. Txakurrek zaunka eta haginka egiten diete mantso mugitzen direnei. Askok estropezu egiten dute; hanketako giharrek uko egiten diote lanari, egunetan batere ez baitira ibili. Maletak, liburu-paketeak, ondasun txikiak… dena kendu diete eman nahi izan ez dutenei edo aginduak ulertzen ez dituztenei. Gero fusil edo ukabil kolpeak jaso dituzte. Lalek uniformea daramaten gizonak aztertu ditu. Uniforme beltzak, mehatxugarriak. Jaketako izpi bikiek adierazi diote nolako jende klasea duen aurrean. SSak. Beste egoera batean, jantziei erreparatuko zien, oihalaren kalitateari, taxu eta ebaketa zehatzari.

Zoruan utzi du maleta. “Nola jakingo dute hauxe dela nirea?”. Ikaratuta, jabetu da nekez ikusiko duela berriz maleta eta barruan daukana. Bihotzaren parera eraman du eskua, jakako sakelan gordeta daukan dirura. Zerura begiratu du, haize fresko garbia arnastu du, bere buruari esanez kanpoan dagoela behintzat.

Tiro hotsa entzun da, eta jauzi egin du Lalek. SSetako ofiziala du aurrean, arma zerura aldera.

–Mugi!

Lalek tren hustura begiratu du berriz. Hegan doaz arropak, liburuak irekita ari dira erortzen. Kamioi batzuk datoz, eta ume txikiak jaitsi dira haietatik. Abandonatu dituzten gauzak jaso eta kamioietara bota dituzte. Lalek zama nabaritu du sorbalda-hezurren artean. “Barkatu, ama, zure liburuak hartu dituzte”.

Gizonak neketan doaz arrosa koloreko adreiluzko alboko eraikin zikinetara; leiho handiak dituzte. Zuhaitzak daude sarreran, udaberriko kimu berriak ageri. Burdinazko atetzarrak igarotzean, gora begiratu du Lalek, metalean forjatutako alemanezko hitzetara:

 

ARBEIT MACHT FREI

“lanak libre egiten du

 

Ez daki non dagoen, ezta zein lan egin beharko duen ere, baina lanak libre egingo duela pentsatze hutsak broma zitalaren gustua du.

SSak, fusilak, txakurrak…; ondasunak kendu dizkiete. Berehala pentsatuko zuen horrelakorik!

–Non gaude?

Itzuli, eta Aron ikusi du ondoan.

–Trenbidearen amaieran, esango nuke.

Aronen aurpegia aldatu egin da.

–Egin ezazu agintzen dizutena, eta ondo egongo zara. –Lalek­ badaki ez duela konbentzigarria ematen. Irribarre txikia egin dio Aroni, eta itzuli egin dio honek. Isilik, bere buruari eman dio aholkua: “Egin ezazu agintzen dizutena. Eta ondo begiratu beti”.

Eraikinaren barrura sartu orduko, ilara zuzenetan jarri dituzte denak. Laleren ilararen buruan, preso bat ageri da, aurpegia ilun, mahai txiki baten aurrean jarrita. Jaka eta praka txuri-urdinak daramatza, triangelu berdea josia du paparrean. SSetako ofizial bat du atzean, fusila erabiltzeko prest.

Gero eta laino handiagoak daude. Trumoi hotsa urrun. Zain daude gizonak.

Goi mailako ofizial bat, soldaduek zainduta, heldu da gizon multzoaren aurrera. Karratua du matraila, estu ezpainak eta bekain sarriez jantziak begiak. Soila da haren uniformea, ondoan dituenekin konparatuta. Ez du izpi bikirik. Haren jarrerak argi eta garbi erakusten du bera dela hango buruzagia.

–Ongi etorri Auschwitzera.

Lalek hitzak entzun ditu, ia batere mugitzen ez den ahotik irtenak, ezin sinetsita. Etxea uztera behartu dute, animalia balitz bezala garraiatu dute, gogotik armatutako SSez inguratuta, eta ongi etorria eman diote orain… ongi etorria!

–Rudolf Hoess komandantea naiz. Neu naiz aginteduna Ausch­witzen. Igaro berri dituzuen ateek diotenez, “Lanak libre egiten du”. Horixe duzue lehen ikasgaia. Ikasgai bakarra. Gogor lan egin. Egin agintzen zaizuena eta libre irtengo zarete. Desobeditu, eta ondorioak izango dira. Hemen bertan epaitu, eta gero etxe berrira eramango zaituztete: Auschwitz Bi-Birkenaura.

Komandanteak gizonen aurpegiak aztertu ditu. Besterik esaten hasi da, baina trumoi hots handi batek hitza etenarazi dio. Zerura begiratu du ostikarra izan den aldera; marmar isila egin du, eskuarekin arbuio keinua egin gizonei, jiratu eta badoa. Bukatu da ekitaldia. Atzetik doazkio segurtasun zaintzako soldaduak. Erakusaldi baldarra, eta beldurgarria.

Hasi da tramitea. Lalek harantz begiratu du, mahaien aldera bultzatu dituzte lehen presoak. Bera urrunegi dago, ezin entzun du esaten ari direna, begiratu besterik ezin du egin nola jarrita dauden pijamadunek zerbait idatzi eta paper zati txiki bana ematen dieten presoei. Halako batean, Laleren txanda da. Izena, helbidea, lanbidea eta gurasoen izenak eman beharrean da. Mahaian dagoen gizon zailduak idazkera garbi eta kiribilean idatzi ditu erantzunak, eta ondoren paper zatia eman dio, zenbaki bat idatzia duena. Gizonak ez du une batean ere burua jaso Laleren begietara begiratzeko.

Zenbakiari begiratu dio Lalek: 32407.

Gainerako gizonekin batera doa beste zenbait mahaitara; han preso multzo bat dago traje marradunez jantzita, triangelu berdea paparrean, eta SSak haiek zaintzen. Egarriak eta nekatuta, harritu egin da paper zatia eskutik kendu diotenean. SSetako ofizial batek jaka erantzi dio zakar, alkandora mahuka erauzi dio eta mahai gainean jarrarazi dio ezker besaurrea. Ezin sinetsi du ikusten ari dena, presoa 32407 zenbakiak orratzez larruazalean idazten ari baitzaizkio, zenbaki guztiak bata bestearen atzetik. Orratza sartuta duen egur zatia arin eta mingarri mugitzen da. Gero, zatar bat tinta berdean busti eta zakar igurtzi du Laleren zauriaren gainean.

Tatuajeak segundo batzuk baino ez du iraun, baina Laleren shock-ak denbora geldiarazi du. Besoari heldu dio, zenbakiari tinko begira: “Nola egin diezaioke hau inork beste gizaki bati?”. Bere buruari galdetu dio ea bere bizitza osoan, luze nahiz motz izan bizitza hori, une horren arabera definituko duten, zenbaki irregular horren arabera: 32407.

Fusil kulata baten bultzakadak irtenarazi du trantzetik. Jaka zorutik jaso eta badoa, estropezuka, aurrean dituen gizonen atzetik, adreiluzko eraikin handi batera, non hormen kontra aulki luzeak dauden. Pragako eskolako gimnasioa ekarri dio gogora, han egin baitzuen lo honako bidaia hasi baino lehen.

–Erantzi.

–Arinago, arinago.

SSek aginduak ematen dituzte, preso gehienek ulertzen ez badituzte ere. Lalek itzuli egin dizkie ingurukoei, eta, hala berean, hauek bere ondokoei jakinarazten diete.

–Utzi arropa aulki luze horretan. Hortxe egongo da dutxatu eta gero ere.

Laster, jendea eranzten ari da, prakak eta alkandorak, jakak eta oinetakoak; arropa zikina tolestu eta aulki luzeetan utzi du ordenatuta.

Lale suspertu egin da, uraren esperantzan, baina badaki seguruenera ez duela bere arroparik berriz ikusiko, ezta bertan duen dirua ere.

Arropak erantzi eta aulki luzean utzi ditu, baina suminak gaina hartuko dion mehatxu egin du. Pospolo kaxa bat, garai bateko plazeren oroigarri, prakako sakelatik atera eta hurbilen duen ofizialari begiratu dio. Beste aldera begira dago. Lalek pospoloa piztu du. Bere borondatez egiten duen azken ekintza izan liteke. Jakako forruaren gainean eutsi dio pospoloari, prakekin estali, eta dutxako jende ilararekin bat egitera jo du. Segundoak orduko, “Sua!” entzun du ari direla garrasika.

Atzerantz begiratu du Lalek, gizonak ikusi ditu larrugorritan, bultzaka, handik irten nahian, SSetako ofizial bat sua kolpeka itzal­tzen saiatzen ari den bitartean.

Ez da oraindik dutxetara heldu, baina dardarka dago: “Zer egin dut, ordea?”. Egunak eman ditu jendeari esaka burua makurtzeko, agintzen dietena egiteko, ez inori kontra egiteko, eta orain zer, eta berak piztu du sua eraikinaren barruan! Ez du zalantzarik zer gerta litekeen baten batek bera izan dela supiztailea esango balu. “Ergela. Ergela”.

Dutxetan, lasaitu egin da, sakon hartu du arnasa. Ehunka gizon dardarti sorbaldaz sorbalda daude goitik behera datorren ur hotzaren azpian. Burua atzerantz eraman eta herio batean edaten dute, ur geldo hilaren ustel usaina gorabehera. Asko beren lotsariak ezkutatzen saiatzen dira, eskuak genitalen gainean jarrita. Lalek izerdia, zikina eta bere gorputz eta ileko kiratsa garbitu ditu. Urak txistu jotzen du hodietan zehar, zorua jo arte. Gelditu denean, berriz ireki dira aldagelako ateak, eta inork agindu beharrik gabe, beren arroparen lekua hartu dutenetara itzuli dira atzera: garai bateko errusiar armadako uniforme eta botak.

–Jantzi baino lehen ile-moztailearenera joan behar duzue –esan die SS irribarretsu batek–. Kanpora… Arin!

Presoak ilaran jarri dira atzera. Labana eskuan, zain duten presoarengana doaz. Laleren txanda denean, aulkian eseri da, bizkarra zuzen eta burua gora. Presoen ilaran SSetako ofizialak ikusi ditu, aurrera eta atzera, preso biluziak arma muturrekin joka, irainka, barre zitalka. Lale are zuzenago jarri da, burua gorago, ilea larru-arras uzten dioten bitartean, eta zirkinik ere ez du egin labanak buru-azala urratu dionean.

Ofizial batek atzean eman dion kolpeak nahikoa dela esan nahi du. Ilararen atzetik joan da, dutxetara berriz, eta han bere neurriko arropa eta oinetako bila hasi da gainerakoekin batera. Han dagoena zikina da, orbanez betea, baina aurkitu ditu gutxi-asko balioko dioten oinetakoak, eta errusiar unifome bat ere hartu du; horiekin moldatzea espero du. Jantzi orduko, eraikinetik irten da, hala agindu diotenez.

Iluntzen ari du. Oinez doa euripean, beste askorekin batera; luzea egin zaio denbora. Lokatz handiak gero eta zailago egiten du oinak jasotzea. Baina aurrera doa, tinko. Beste batzuei gehiago kostatzen zaie, edo erori egiten dira eskuen gainean eta belauniko, eta orduan jo egiten dituzte berriz zutitu arte. Zutitzen ez badira, tiro egiten diete.

Lale larruazaletik apartatzen saiatu da uniforme astun bustia. Lakarra egiten zaio, azala erremintzen dio, eta artile hezearen usainak eta zikinkeriak ganadu trenera eraman dute atzera. Zerura begiratu du, ahal duen euri gehiena irensteko. Aho gustu gozoa du, egunetan probatu duen gauzarik onena, egunetan ahoratu duen gauza bakarra. Egarriak, ahuleziak areagotua, ikusmena lausotzen dio. Euri-ura irensten du. Eskuak kopa bat eginez bezala jarri eta herio batean edan du. Urrun, esparru zabala inguratzen duten fokuak ikusi ditu. Erdi eldarniotan dagoenez, euritan dir-dir egiten dutela irudi du, dantzan ari diren faroek etxerako bidea erakusten diotela. Deika: “Etorri niregana. Babesa, beroa eta jatekoa emango dizkizut. Segi oinez”. Baina atetzarrak igarotzen dituenean, haietan mezurik ageri ez delarik, ez traturik, ez askatasun promesik lanaren truke, Lale ohartzen da irudipen dirdiragarria desagertu egin dela. Beste presondegi batean dago.

Esparru hartatik harago, ilunpetan galdua, eraikin gehiago. Hesiek alanbre arantzaduna dute gainean. Goian, begiralekuetan, SSen fusilak ikusi ditu, bere aldera apuntatzen. Tximistak hurreko hesia jo du. “Elektrifikatuta daude”. Trumoia ez da tiro baten hotsa isiltzeko behar bezain ozena, beste gizon bat eroria.

–Heldu gara.

Lale jiratu egin da, Aron ikusi du berarengana zetorrela, bul­tzaka bidea ireki nahiz. Busti-busti eta lokaztua. Baina bizirik.

–Bai, etxean gaudela ematen du. Itxura ona duzu.

–Ez duzu zeure burua ikusi. Pentsa ezazu ispilua nauzula.

–Ez, eskerrik asko.

–Eta orain zer? –galdetu du Aronek, ume bat balitz bezala.

Gizon olde etengabeari segika, nork bere beso tatuatua erakutsi dio SSetako ofizial bati, eraikin baten atarian zutik, zenbakiak koaderno batean idazten dabilenari. Bizkarrean bultzakada gogor bana jaso, eta Lale eta Aron 7. blokean daude, barrakoi handi batean, non horma baten kontra hiruko ohatzeak dauden. Eraikinera sartzera behartu dituzte dozena bat preso. Pilatuta daude, elkarri bultzaka, nork bere buruarentzako lekua bilatu nahian. Zoria alde badute, edo behar bezain erasokor badira, beste batekin edo birekin banatuko dute tokia. Zoria ez dago Laleren alde. Bera eta Aron goiko ohatze batera igo dira, baina bi presok hartua dute ordurako. Egunetan jan ez dutenez, ez dute borrokarako indar gehiago. Ahal duen ondoena, koltxoi lanak egiten dituen lastozko zaku batean kuzkurtu da Lale. Eskuak sabelaren kontra estutu ditu, erraietako karranpak baretzeko. Zenbaitek oihu egin diete zaintzaileei:

–Janaria behar dugu!

Erantzuna ere jaso dute:

–Jango duzue zer edo zer bihar goizean.

–Goiza heltzerako goseak hilik egongo gara denok –esan du baten batek blokearen atzeko partean.

–Eta bakean –erantsi du ahots huts batek.

–Koltxoi hauek belar ondua daukate barruan –esan du besteren batek–. Beharbada behiak bagina bezala segitu beharko genuke, eta horixe jan.

Barre isilaren hotsa. Ofizialaren erantzunik ez.

Eta, orduan, lotegiaren barrunbetik, zalantzan:

–Muuuuu.

Barrea. Isila, baina benetakoa. Ofizialak, presente baina ikusezin, ez du ezer esan, presoak loak hartu dituen arte, sabelak marruka.

Oraindik ilun dago Lale txizagurak esnatu denean. Lo dauden kideen gainetik igaro da, zorura jaitsi eta blokearen atzeko bidea hartu du, ustez huraxe izango delakoan txiza egiteko lekurik seguruena. Hurreratzean, ahotsak entzun ditu: eslovakiera eta alemana. Lasaitua hartu du komunak daudela ikustean, nahiz baldarrak izan, kaka egiteko. Lubaki luzeak egin dituzte eraikinaren atzealdean, eta oholak jarri dituzte haien gainean. Hiru preso daude zuloetan zehar jarrita, kakaeginean eta bata bestearekin hizketan apal. Lalek bi SS ikusi ditu eraikinaren beste aldetik datozela erdi ilunpetan, erretzen, barrez, fusilak lasai zintzilik bizkarrean. Perimetroko erreflektoreek haien itzal aztoragarria islatzen du. Lalek ezin du asmatu zer esaten ari diren. Maskuria betea dauka, baina duda-mudatan dago.

Hartan, ofizialek airean gora bota dituzte zigarroak, fusilak arin hartu eta tiro egin dute. Kakaeginean ari ziren hiru presoen gorpuak lubakian atzera erori dira. Laleri eztarrian gelditu zaio arnasa. Eraikinaren kontra josi du bizkarra ofizialak igaro bitartean. Haietako baten itxura ikusi du: mutiko bat, mukizu ergel bat.

Ilunpetan galdu diren eran, Lalek zin egin dio bere buruari: “Hemendik irten arte biziko naiz. Gizon librea izateko irtengo naiz. Infernurik baldin bada, hiltzaile horiek bertan erretzen ikusiko ditut”. Familian pentsatu du, han, Krompachyn, eta espero du bera hemen izateak libratuko dituela haiek horrelako zorigaiztotik.

Txiza egin eta ohatzera itzuli da Lale.

–Tiroak –esan dio Aronek–, zer izan da?

–Ez dut ezer ikusi.

Aronek Laleren gainetik pasatu du hanka, zorura baino lehen.

–Nora zoaz?

–Txiza egitera.

Ohearen ertzetik makurtu, eta eskutik heldu dio Aroni.

–Zaude.

–Zergatik?

–Entzun dituzu tiroak –esan dio Lalek–, eutsi goiza arte.

Aronek ez du ezer esan, ohera itzuli eta etzan egin da, bi ukabilak iztartean estututa, beldurrez eta erronka joz.

Aita bezero bat jasotzera joana zen tren geltokira. Sheinberg jauna zalgurdira dotoreziaz igotzera prestatu zen, Laleren aitak larru finezko baliza ondoko jarlekuan utzi bitartean. Nondik zetorren bidaian? Praga? Bratislava? Viena? Artilezko traje garestia jantzita, oinetakoak distiratu berri, irribarre egin zuen eta, Laleren aitaren aurrean jarrita, hitz batzuk egin zituen harekin. Laleren aitak zaldia abiarazi zuen. Bere taxi zerbitzuarekin batera eta bestera eramaten zituen gizon gehienak bezala, Sheinberg jauna etxera itzuli zen negozio inportanteak eginda. Lalek hura bezalakoa izan nahi zuen, ez aita bezalakoa.

Egun hartan Sheinberg jaunaren emaztea ez zegoen senarrarekin. Laleri ikaragarri gustatzen zitzaion Sheinberg andrea, baita aitaren zalgurdian bidaiatzen zuten gainerako emakumeak ere, esku txikiak eskularru zurietan sartuak, eta perlazko belarritako dotorez eta idunekoz apainduta etortzen zirenak. Ikaragarri gustatzen zitzaiz­kion emakume ondo jantziak, harribitxi dotoreak zeramatzatenak, batzuetan gizon inportanteei konpainia eginez etortzen ziren haien modukoak. Aitari laguntzeak abantaila bat zeukan, bakarra, andre haiei eskua ematea zalgurditik jaisten laguntzeko, haien perfumea usaintzea, haien bizimodua izatearekin amestea.